Ikastetxearen lekualdaketari buruzko informazioa

Hizkuntza Eskola Ofizial batean matrikulatutako pertsonek eskubidea izango dute haien espedientea beste Hizkuntza Eskola batera eramatea eskatzeko, dela etxez aldatu direlako, lantokiz aldatu direlako, ikasketak beste leku batean egingo dituztelako, edota beste arrazoi batzuk tarteko. Espedientea jasoko duen Hizkuntza Eskolako Zuzendaritza Taldeak, bere aldetik, onartu beharko du espedientea lekuz aldatzeko ikasleak eman dituen arrazoiak. Horrela, matrikularen lekualdatzea eskatuz gero, Hizkuntza Eskola Ofizial berrian ikasle ofizial izaten jarraitzeko eskubidea izango dute ikasle ofizialek.

Aurreko ikasturtean beste Hizkuntza Eskola Ofizial batean matrikulaturiko ikasle ofizialek ikasturte jakin baterako espedientea lekuz aldatzea eska dezakete. Hori egiteko eskaera, oro har, matrikulazio-epea hasi aurretik egin beharko da.

Behin ikasleak onartu eta matrikulak egiteko prozesua amaitu ondoren, eskolak hasten diren lehenengo egunetik aurrera eska dezakete ikasleek espedientearen lekualdaketa, betiere, artikulu honetako 1. atalean zehaztutako arrazoiei helduz. Kasu horretan, Hizkuntza Eskola berriko eskoletara joan daiteke eskatzailea, baldin eta Hizkuntza Eskola berrian plaza hutsik baldin badago dagokion hizkuntza, maila eta ikasturtean. Plaza hutsik ez badago, ordea, matrikulari uko egin diezaioke espedientea lekuz aldatzea eskatu duen ikasleak edo, bestela ere, bere kasa ikas
dezake eta ikasle ofizialentzako azterketa egin.


Terrorismoaren biktimei laguntza integrala emateko sistema garatzen duen azaroaren 9ko 290/2010 Dekretuko 27. artikuluan xedatutakoaren arabera, ekintza terroristen ondorioz kalte fisiko edo psikofisiko larriak jasan dituzten pertsonek, haien ezkontideek edo horren antzeko afektibitateharremana izan eta bizimodua elkarrekin egin ohi duten pertsonek, haien seme-alabek edo legez familian hartutakoek, kalte pertsonal larriak jasan dituztenen gurasoek, eta terrorismoaren mehatxupean egotearen ondorioz egoitzaz aldatu behar izan duten pertsonen seme eta alabek eskubidea izango dute, ekintza hori jazo zen ikasturtean barrena, euren espediente akademikoa EAEko hezkuntza-sareko beste ikastetxe publiko edo hitzartutako batera aldatzeko.

Aurreko paragrafoan aipatutako kasuetan izan ezik, ez da baimenik emango ikasturteko hirugarren hiruhilekoan matrikula lekuz aldatzeko.

Matrikula lekuz aldatuz gero, eta xede eskolak hala eskatuta, ikaslearen espediente akademikoa bidaliko dio jatorrizko eskolak xede eskolari. Gainera, ikasturtea amaitu aurretik espedientea lekuz aldatu nahi bada, jatorrizko ikastetxeak emandako egiaztagiri akademikoa aurkeztu beharko du ikasleak ikastetxe berrian. Egiaztagiria, bidenabar, Agindu honetako II. eranskineko ereduari jarraituz egingo da. Xede Eskolak espediente akademikoa eta lekualdatzearen jakinarazpena jasotzen dituenean, matrikula behin betikoa dela joko da. Prozedura hori guztia egin beharrean, telematikoki izapide daiteke espedientea, Hezkuntza Sailak adierazi bezala.

Euskal Autonomia Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizial batetik bestera matrikula aldatu nahi dutenek ez dute ezer ordaindu behar. Gerta daiteke, hala ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizial batean matrikulatzeko prezio publikoa ordaindu duen pertsona batek beste autonomia erkidego bateko Hizkuntza Eskola Ofizial batera aldatu nahi izatea haren matrikula. Kasu horretan, ikasleak ez du eskubiderik izango ordaindutako prezio publiko osoa edo haren zati bat bueltan eskatzeko. Gerta daiteke, aitzitik, beste autonomia erkidego bateko Hizkuntza Eskola Ofizial batean matrikulatzeko prezio publikoa ordaindu duen ikasleak haren matrikula Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza-eskola ofizial batera ekartzea eskatzea. Kasu horretan, ikasleak ez du ezer ordaindu beharrik.