Matrikulari uko egitea

Edozein ikaslek egin diezaioke uko matrikulari. Horretarako, matrikula egin duen urteko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko du matrikulari uko egiteko eskabidea ikasleak. Bidezko arrazoirik izan gabe matrikulari uko egin eta hurrengo ikasturtean berriro matrikulatu nahi badu, ikaslean onartze prozesuan parte hartu beharko du berriz ere.

Abenduaren 31tik hurrengo urteko apirilaren 30 bitarte deialdiari uko egin diezaioke ikasleak baldin eta gaixotasun larriren bat, garrantzi handiko istripuren bat, edota beste jazoera larri eta bat-batekoren bat izan badu. Kasu horretan, ikasleak emandako arrazoiak onartu beharko ditu Zuzendaritza Taldeak, eta Ordezkaritza Organo Gorenak oniritzia eman. Ikasleak matrikulari uko egin diezaioke, adibidez, etxez aldatu delako, lantokiz aldatu delako, beste leku batera joan delako ikasketa ofizialak egitera, eta abar.

Batera ala bestera izan, matrikula-deialdiari uko egiteko eman den arrazoia egiazkoa
dela frogatu beharko du ikasleak. Horretarako, egoki diren eta zalantza guztiak uxatuko dituzten egiaztagiriak aurkeztuko ditu ikasleak matrikulari uko egiteko eskaerarekin batera. Egoki diren ondorioak izan ditzaten, ikastetxeak gordeko ditu eskaera-orriak nahiz aurkeztutako agiri guztiak.

Maiatzaren 1etik aurrera, ordea, istripu edo gaixotasun larriren bat izan eta gertakizun hori egoki justifikatu duten ikasleen uko egitea baino ez da onartuko. Eskaera onartzeko ezinbestekoa da, batetik, ikaslearentzat guztiz ezinezkoa izatea azken ebaluazioko probak egiten joatea eta, bestetik, ikasleak dagoeneko proba horietakoren bat egin ez izana.

Artikulu honetan jasotako arrazoiengatik matrikulari uko egiten badio ikasleak, azken horrek ez du eskubiderik izango ordaindutako prezio publiko osoa edo haren zati bat bueltan jasotzeko.